jueves, 10 de diciembre de 2009

AURKEZPENA.

Ongi etorri blog honetara

Mendia gustatzen al zaizu? Pirinioak batez ere?

Uste duzu, guk bezala, Pirinioetako gailurrik altuenetara igotzeko behar den esfortzuak merezi duela?

Hirumilako tontor batetik, mendi gailurrez inguraturik, ezezagunarekiko miresmena sentitu duzu eta esna amets egin duzu tontor guztiak igotzeko denbora, baliabideak eta gaitasuna zenituelakoan. Han goian egoteak edo helburu ezezagunerantz ibiltzen hasteak zoriontasuna eman dizu? Zorionak! lehendabiziko pausoa eman duzu.

Ez gara lehengoak hori sentitzen. Beste batzuek sentimendu bera izan zuten eta haiek erakutsi ziguten bidea. Ibilbideko mugarri bakarti bat bezala hasi zena eta denboraren poderioz ia desagertzear egon zena, elkartasunez jarritako harriei esker, laster, norabide zehatzeko bide bilakatu zen. Antzinako mugarri haiek ez dira ia antzematen baina, ondo bilatuz gero, hor jarraitzen dutela ikusiko dugu. Bide hertz horietatik sastrakak kendu eta garbitzea gure esku dago. Hori egitean, bideak marraztu zirenean bezala sentituko gara. Eta instant batean, instant bakar batean, gure denbora itxuratu duen une hartan biziko gara.

Blog honek bide hori jarraitu nahi du. Gure aurrekoen pausoak jarraituko ditugu. Gaia: mendia, gure esparrua: Pirinioak, bidea: bere gailurrik altuenak.

Hirumilakoez arituko gara, hori bai gainontzeko gailurrak mespretxatu gabe. Pirinioei buruz hitz egiten denean hirumilakoek bere izaera ematen diote mendikate honi. Pirineoak ez dira Himalaiako eta Karakorumeko tontorrak bezain krudelak, ezta Alpeetako laumilakoak bezain hotzak ere.Mediterraneotik Atlantikora Pirinioak 450 kilometrotan zehar zabaltzen dira, bai Mediterraneoko argiek eta beroek baita Bizkaiako golkotik datozen lainoek eta hotzek eragin handia dute hauengan. Bi muturrek dute urtaro bera ezberdin egiteko ahalmena; kalendarioko egun berdinean hirumilako tontorrera kamiseta eta galtza motzetan ez ezik neguko materiala erabiliz ere igo daiteke.

Hirumila metrotan jarri dugu muga. Badakigu neurri hauek erabiltzeak gutxi edo ezer gutxi daukala Piriniotako haran eta gailurren errealitatearekin eta muga magiko honen azpian gelditzen den edertasuna gainekoaren adinakoa dela. Hala ere, hirumilakoak, Pirinioetako tradizioaren barruan, oso erakargarriak izan dira, eta ezin dira mendilerro honetako punturik altuenak alde batera utzi, are eta gutxiago Pirinioetako gailurrik altuenak hirumilakoak direnean.
FTer (Fidelek euskaratu du))